2007/12/17

Draatik Zelaietara

Berriz ere, poztu behar gara udal batzuk aurrera eramaten dituzten ekimen kulturalekin. Kasu honetan, Amorebieta-Etxanoko Ametx erakunde autonomoak antoladu duen maketa lehiaketa dugu, nahiz eta zenbait parte-hartzailek maketarik ez izan. Talde gazteen tokia mota honetako lehiaketak dira. Publiko zabalagoari zure musika helarazteko eta, batez ere, jendaurrean jotzeko aukera paregabeak dira.

Zapatuan, Zelaieta aretoan, hiru talde bizkaitarren txanda izan zen. Jotzen lehenengoa Mikel kantautorea izan zen, bere gitarra akustoarekin batera. Kanta intimistak eskaini zituen, baita zeozer animatuagoak zirenei lekua utzi ere. Hurrengo taldea ukitu modernoak zituen rock basikoarekin aurkeztu zen. Kalitatezko musikoak ziren Ith-ekoak (ez dakit izena horrela idatziko den).

Hirugarrena Draa planeta ezezagunetik zetorren izen bereko talde berria da. Horrelako fikzioa dago grabatzen ari diren lehenengo maketaren atzean, egiaz Getxokoak baitira (horregatik luzatzen naiz honetan, eta baten bat anaia dudalako). Dena den, Draatik ekarri zizkiguten doinuak Lurrean ere baditugu: metal progresiboa. Heavy tradizionalari bereizgarri teknikoago edo konplikatuagoak gehitu dizkiote (tempo aldaketak, kasu). Funtsean, heavy metal melodiko eta azkarra, baina gaur egun hainbeste erabiltzen den progresibo atzizkia eramatzea merezi duena. Tauletan ondo aritu ziren, taldearen bigarren kontzertuan espero zitekeen moduan. Ez zegoen kexatzerik, gainera, aretoaren soinuaz. Akats bakarrak eskarmentuak sahiesten dituztenak izan ziren. Gainontzekoa behar bezala egin zuten draaiderrek.

No hay comentarios:

 
Creative Commons License
Txoko hau Creative Commons lizentziak arautzen du.