Pasadan astea kirolarena izan zen. Esan daiteke urteko egun guztiak direla kirolarenak, hiritarron drogarik beharrezkoena baita. Baina aurrekoa bereziki kirolaren astea izan zen.
Hasteko, Espainiako futbol selekzioak jokatu zuen Frantziakoaren aurka. Euskal Herria tartean. Espainiak irabazi zuen, merezimendu guztiarekin gainera. Eta Xabi Alonsok parte hartu zuen, oraingoan ez hanka sartzeko, Munduko Txapelketaren ostean Espainiako selekzioarekin hartu zuen balbearen aurka joanda. Baina albistea ez zen futbolean egon, hautatzailearen etorkizunean baizik. Antza denez, Federazioak botatzea nahi du. Bai bai, ez da joan nahi, baizik eta nagusiek bera botatzea. Villar espektroa buru izanda, normala iruditzen zait. Clementek ondo egiten du beste mundu batera ihes egiten.
Gero saskibaloiaren tartea heldu zen. Futbolarekin jokatzen duen partida beti galdu duen arren, Espainiako Kopak iraun zuen bitartean garaile atera zen saskibaloia. Euskal taldeek ez zuten kopa irabazi. Izan ere, Gasteizko Baskoniak finala galdu egin zuen. Baina Iurbentia Bilbo Basketek, finalaren atarian geratu arren, sari handiagoa lortu zuen: jarraitzaileak. Inoiz baino zale gehiago daude Bilbon, hiriko taldean egiten ari den lanari esker. Athleticen katastrofearen aurrean, poztekoa da Bilboko talde batek lan bikaina egitea.
Domekan, Athleticen txanda. Aste osoan zehar, kirola baino, beste hainbat gauza egon ziren komunikabideen ahoetan. Izan ere, futbol gutxi ikusten da Bilboko talde historikoan. Historia baino ez dela gelditzen pentsatzen hasi denik ere badago. Espedienteak, irtenaldiak, parrandak, zaleen irainak, Yesteren prentsaurreko surrealista... baina futbolarik ez. Ligako talde txarrenaren kontrako partidan ere ez. Irabazi bai, baina zelan! Taldearen jokoa hobea zela zirudienean, berriz zuloan sartu da. Atletico Madrilen aurkakoan ikusiko dugu.
Bitartean: Ave Caesar, kirolari te salutant.
No hay comentarios:
Publicar un comentario