2007/11/25

Marrazkiarekin hitzordua Getxon

Bukatu egin da Getxoko VI. komiki eta manga azoka. Eguraldiaren erruz edo aurten bi karpatan bananduta zegoelako, ez dirudi beste urte baino jende gehiago egon denik. Hala ere, erabateko arrakasta izan du.

Eskaintza oso zabala zen: inoiz baino postu gehiago (61), egile gehiago, erakusketa gehiago, musika gehiago eta lehiaketa gehiago izan dira aste-akabu honetan Areeta eta Erromon. Izan ere, Areetako Geltokia plazako karpa nagusiaz gain, bereziki mangari eskainitako beste bat zegoen Santa Eugenia plazan. Horrek ez du esan nahi gune handian mangarik izan ez denik. Eszenatokia eta areto nagusia karpa txikira pasatuz, leku handia utzi dute libre. Postu batean Hamburguesa Vegetal talde xelebrearen emanaldia ere izan zen.

Lehiaketarik arrakastatsuena, betiko moduan, pump it up delakoa, edo otakuen dantzak. Eta albisterik hoberena, hainbat eta hainbat komiki eta manga ale erosteko aukera izan genuela. Batzuontzat plazer handia da urteroko ospakizun hau, inoiz erosi ezingo dugun bitxikeriak ikusteagatik besterik ez bada ere.

Segi dezaten azoka hau urtero antolatzen. Meritu handia da, sekulako lana baitago honen guztionen atzean. Oso azkar ari da bere lekua hartzen zaleen artean behar-beharrezkoa bihurtu den hitzordu hau.

No hay comentarios:

 
Creative Commons License
Txoko hau Creative Commons lizentziak arautzen du.