2007/11/24

Zoramena

15 urteko mutiko batek 14 urteko neskatoa bortxatu du Sevillan, beste batek erasoa telefono mugikorraren bidez grabatzen zuen bitartean. Bortxaketa: felazio bat egitera behartzea. Nazka sentitzen dut gertakizuna idaztean. Dibertsio berria ote? Ez baita kasu bakarra, ezta gutxiago ere. Nerabeen artean, moda berria da eraso bat grabatzea, gero Internetetik hedatzeko. Baina errua ez da mugikorrena, ezta YouTuberena ere.

Erantzunkizuna sistema osoarena da, betiko lez. Ohitura berri hauek ondo pentsatuak daude. Gaztetxoek egin nahi zutelako egiten dute hori guztiori. Egungo hezkuntzaren ondorioa da. Erasoak ez dira bakarrik ikaskideen artean, batzutan irakaslea ere jipoitzen baita. Zoramena.

Konponbidea oso konplexua da, ez da bost minutuko gauza. Eta hau ez da bide orria izan nahi, baina argi dago ohitura batzuk aldatu behar direla, txikien hezkuntza ondo burutu nahi baldin bada. Gurasoek inplikazio gehiago behar dute haien seme-alaben heziketan. Gaur telebista da hezitzaile nagusiena, egungo Jainko berria. Gurasoak etxean ez daudenean, telebistaren esku geratzen da haurrekin egoteko beharra. Gurasoak seme-alabengana gehiago hurbil daitezen, lan ordutegiak aldatzea beharrezkoa da. Ezinezkoa da arrastiko 8retan ailegatzea etxera eta zure seme edo alabari heziketa ona eskaintzea. Eta ez du ezertarako balio, bulegoan europarrek baino denpora gehiago eman arren, etekin gutxiago lortzen dutelako. Hala ere, konponbidea globalagoa da.

No hay comentarios:

 
Creative Commons License
Txoko hau Creative Commons lizentziak arautzen du.